2007-01-22
Sakanako Mankomunitateak beste urrats bat eman du euskararen aldeko prozesuan. Azken 5 urteetan Bai Euskarari Akordioa egitasmoan parte hartu ostean, lankidetza hitzarmena sinatu dute Sakanako Mankomunitateak eta Kontseiluak. Kontseiluko ordezkariak ekitaldi honetaz baliatu dira instituzioei euskalgintzarekin elkarlanean aritzeko deia luzatzeko. Are gehiago, Bai Euskarari Ziurtagiriaren erakundea osatzeko pausoak ematen hasi direnean.
Kontseiluak zuekin batera abian jarri nahi du Bai Euskarari Ziurtagiriaren elkartea. Honen bitartez, Ziurtagiriaren proiektua indartu, hobetu eta hedatuko da, gizartearen aurrean erreferentzialtasuna izango duen egitura eratuz eta sendotuz. Horretarako, Bai Euskarari Ziurtagiriaren elkarteak hiru bazkide mota izatea proposatu nahi dugu, elkartearen organo guztietan parte hartzeko aukera izango dutenak: 1) Kontseilua, 2) Bai Euskarari Ziurtagiria dutenak (orain arte 1.400 enpresa eta erakunde baino gehiago zarete Ziurtagiria lortu duzuenok) eta 3) elkarlanean aritu nahi duten entitateak (sindikatuak, enpresa eta kooperatiba elkarteak, administrazioak, eta abar). Une honetan, harreman-fasean ari gara.
Merkataritza arloko profesionalei zuzendutako ikasmateriala sortu du HABEk, lana euskaraz egiten eta zerbitzua euskaraz eskaintzen laguntzeko hain zuzen ere. Argitalpen honen inguruko argibideak aurkituko dituzue www.ikasbil.net atarian (Ikas-materialak/Argitalpenak, Denda ataletan).
Ikasmaterial honetaz baliatuz dendarientzat 60 orduko ikastaro bereziak antolatzea nahi du HABEk. Ikastaroak antolatzeko eskariak Udalek eta euskaltegiek egin dezakete. Dendariek ezin izango dute zuzenean eskatu. Era honetan antolatu eta emandako ikastaroak HABEk bere dirulaguntzen bitartez finantzatuko ditu, eskolak ematen dituen euskaltegiari gainerako ikastaro homologatuak babesteko erabiltzen dituen irizpideekin.
Ikasleek dendariak edo dendako langileak izan beharko dute eta erritmoa astean 4 ala 6 ordukoa izango da. Eskaerak aztertu ondoren, HABEk erantzuna eskaria jaso eta bost egunen buruan emango du.
Joan den abenduan, euskararen aldeko konpromisoa eragiteko ekimenak abiatu zituen Tolosaldeko euskalgintzak. Helburua euskararekiko atxikimendua eta konpromisoa gizarte esparru ezberdinen artean zabaltzea izan zen. Zentzu honetan gure hizkuntzaren etorkizuna izango diren gizarte esparruak landu zituzten, haur eta gazteak. Ekimen sorta honakoa izan zen:
- Haur eta gaztetxoentzat jolas herrikoiak.
- Bai Euskarari zozketa. 60 euroko bi erosketa-txeke zozketatu dira.
- Bertso afaria Ibarrako Gaztetxean. Bertsolariak Xabier Silveira, Jokin Uranga eta Amets Arzallus izan ziren.
Aguraingo Bai Euskarari Akordioaren baitan, “Lanerako Idazkiak” liburuxka kaleratu dute merkatarientzat eguneroko lanean erabiltzen dituzten idazkiak txukun eta euskaraz egin ahal izateko. Agurainen Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu duten merkatariei banatuko zaien argitalpen honek, tresna baliagarria izan nahi du euskara normaltasunez eta gero eta maiztasun handiagoz erabiltzeko ahalegina egiten ari diren merkatari eta ostalarientzat.


Zabaldu
Bildu
Twitter