2006-12-18
Iritsi dira jada gabonak gure artera eta festa hau euskaraz ospatzeko ekimen ugari jarri dira martxan Bai Euskarari Akordioaren parte hartzaileen artean. Urola bailaran esaterako, eguberri zoriontsuak opatzeko postala jasoko dute Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu duten Azkoitia, Azpeitia eta Zestoako entitateek.
Zabaldu•
Bildu•
Twitter• 2006-12-15
Heldu da azkenik Azkoitian euskararen alde hartutako konpromisoen aitortza modura, Bai Euskarari Ziurtagiria banatzeko eguna. 26 izan dira lehen ekitaldi honetan Ziurtagiria jaso duten Azkoitiko enpresa, saltoki eta era guztietako erakundeak. Uztailean sartu zen Azkoitia Bai Euskarari Akordioan eta ordutik hona, bertako euskalgintza, herritarrak zein udala ez dira geldirik egon. “Azkoitiarrek merezi dute omenaldi berezia, euskal herritarron konpromisoari esker iritsi baita gaurdaino euskal sena, gure kultura, gure hizkuntza”, zoriondu ditu Xabier Mendigurenek.
2006-12-14
Tolosaldeko herrien eredua jarraituz, Villabonak ere Bai Euskarari Akordioa berretsi du Udalak eta Kontseiluak sinatutako lankidetza hitzarmenaren bidez. Bakartxo Tejeriak, Villabonako alkateak, eta Xabier Mendigurenek, Kontseiluko idazkari nagusiak, lankidetza hitzarmena berritu dute.

Tafallan bigarren aldiz banatu dira Bai Euskarari Ziurtagiriak. Kontuan izanda, Tafalla, oro har, euskararen ezagutzari dagokionez herri erdalduna dela, euskararen normalizazioan aurrerapauso garrantzitsua da hau. Badira jada 3 urte Tafallan Bai Euskarari Akordioa abian jarri zenetik eta bigarren ekitaldi honetan, 22 izan dira Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu duten herriko elkarte, saltoki eta era guztietako entitateak. Aipagarria da gainera, Tafallan aurten aurrerapauso handia eman dutela. Izan ere, orain arte euskalgintza bakarrik aritu da lanean, baina hemendik aurrera, udala ere proiektu honetan parte hartzen hasiko da.
2006-12-05
Blogean bertan jakinarazi dizuegunez (2006-10-06), EAEko Kultura Sailak hainbat urrats eman ditu azken hilbeteotan euskara lan munduan bultzatzeko: LanHitz programa sortu du, enpresari eta sindikatuen aldekotasuna bilatu du, eta hainbat udaletako euskara zerbitzuekin harremanetan jarri da LanHitz eta merkataritza planak abian jartzeko. Baina horrekin batera, ziurtagiri bat sortu nahi duela jakinarazi du, euskararen erabileraren esparru sozio-laboralerako. Horretarako ez du Bai Euskarari Ziurtagiriaren esperientzia eta lankidetza baliatu.
Era berean, herritarron hizkuntza-eskubideak babesteko ELEBIDE zerbitzu publikoa jarri du abian. Lan hau Hizkuntz Eskubideen Behatokiak bete du orain arte euskararen telefonoaren bidez eta honetan ere ez du bere esperientzia eta lankidetza baliatu.
Lehenago bezala oraingoan ere, Kontseiluak eta bere bazkideek ohartarazi diote Jaurlaritzari bi erabaki horien okerraz, elkarlanerako proposamena egiteaz batera.
Orain Jaurlaritzaren urrats horiei ikusten dizkiezuen mehatxuak eta aukerak zerrendatzea eskatzen dizuegu. Horretarako, mezu honi erantzunez egin dezakezue. Bestela ere, iritzia ‘librean’ emateko aukera duzue
2006-12-04
Antzerki eta musika artean eskuratu dituzte Amurrioko 61 eragilek euskararen alde egiten duten lana aitortzen dien Bai Euskarari Ziurtagiria. Iazko datuekin alderatuz, %30eko hazkundea izan du Bai Euskarari Ziurtagiriak Amurrion. Beste datu esanguratsua alderdi politikoen parte hartze handia izan da. Aralar, EA, EAJ, Ezker Abertzaleko Larria Plataforma eta PP alderdi politikoek eskuratu dute aurten Bai Euskarari Ziurtagiria. Arrakasta honen giltza eragile guztien arteko elkarlana dela adierazi du Kontseiluak herritarron aurrean egindako ekitaldira hurbildutakoen aurrean. “Hau da bidea: eragile guztien arteko lankidetza”, esan die ziurtagiridunei Kontseiluko idazkari nagusiak, Xabier Mendigurenek.
2006-12-01
Sakanan ere elkarlanean burutu dute Bai Euskarari Ziurtagiriaren hedapena eta hori emaitzetan nabari da. 64 eragilek eskuratu dute aurten Bai Euskarari Ziurtagiria Sakanan. Iazko datuekin alderatuz, %22ko hazkundea izan du Bai Euskarari Ziurtagiriak Sakanan. Arrakasta honen giltza eragile guztien arteko elkarlana dela adierazi du Kontseiluak, Etxarri-Aranazen herritarron aurrean egindako ekitaldira hurbildutakoen aurrean.

