2006-10-18
Altzako euskalgintzak eskultura eskainiko die euskara ikasteko saiakera eta esfortzua egin duten ehunka altzatarrei.
Euskara ikasteko saiakera eta ahalegina egin dutenak milaka dira Euskal Herrian, baita atzerrian ere, eta ez da lan makala izan horiek guztiek egindakoa. Asko gelditu ziren "ni naiz, hi haiz..." ospetsuan, eskolak gehiago ez zielako eskaintzen. Beste hainbatek, ordea, euskaltegira jo, gaitasun nahikoa lortu eta euskaraz bizitzeko hautua egin dute. Altzan ere, horrela aritu diren ehunka lagun dago eta guztiek merezi dute gure aitortza eta zorionik beroena.
43 izan dira Azkainen Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu duten enpresa, elkarte, saltegi eta era guztietako erakundeak. Hauetatik gehienek euren engaiamendua berritu dute, baina 6 erakunde berrik ere proiektuarekin bat egitea erabaki dute aurten. Duela 2 urte sartu zen Azkaingo herria ‘Bai Euskarari Akordioa Herrietan’ egitasmoan eta denbora epe labur honetan proiektu anitz jarri dituzte martxan, marrazki lehiaketa eta Bai Euskarari zozketa besteak beste. “Oraindik hasiberriak zarete, baina espero dugu orain arte bezain ongi jarraitzea”, zoriondu ditu Kontseiluko idazkari nagusiak, Xabier Mendigurenek.
Merkatari eta tabernari ugarik parte hartzen dute Aguraingo Bai Euskarari Akordioan. Akordio honen bidez, hartutako konpromisoak betetzeko beharrezkoak diren zerbitzu, laguntza eta informazioa euren esku jartzen da. Horrela, euskara ikastaro berezia eskainiko diete berriro ere bertako merkatari eta tabernariei, Aguraingo Udalaren laguntzarekin.
Iaz 60 orduko ikastaroa antolatu zuten eta aurten jarraipena emango diote 130 orduko beste ikastaro batekin. Helburua da denda eta jatetxeetako langileek euskara ikasteko lehendabiziko urratsak ematea, aurrerago euskaraz zerbitzatzera iristeko. Horrela, gai izango dira, besteak beste, bezeroak agurtu, bezeroen eskariak ulertu eta oinarrizko elkarrizketetan euskaraz erantzuteko.
Ikastaro honetan euskararen lehen oinarriak emateaz gain, denda eta tabernetan oinarri-oinarrizko komunikazioa landuko da. Ikastaro hauetako ikasleek ulermena garatuko dute batez ere. Bezeroek euskaraz egindako eskari errazak ulertzea da xedea, edota ulertzeko zailtasunak izatean, ikaslea bezeroari eskaria polikiago egiteko eskatzeko gai izatea. Ulermenerako hiztegiaren ezagutza funtsezkoa da, eta horrexegatik eskaintzen zaio ikastaro hauetan garrantzi berezia denda eta tabernetako hiztegiari. Baina ikasleek, ulermena garatzeaz gain, elkarrizketa sinpleetan parte hartzen ere ikasiko dute.


Zabaldu
Bildu
Twitter