Alfonso Irigoien Euskalzain suhar zenaren orhoitzarretan
Araur bilha.
Horixe baita, araur, egungo arau ‘norma’ izen substantivoaren ethorkia (bidenabar, Hiztegi Batuak ez du ‘norma’ onhartu; bai, ordea, ‘normal’ edo ‘normalizazio’ :crazy:). Horrelakorik susma ahal genezakeen Zuberoako arau formari oharturik: ethorkizkoa arau izan baliz, Eguzkialdeko xokhoan *arai izan behar genduke (cf. gau > gai, hauzo > aizo, deraut > dereit > deit,...; baina haur ‘hic, haec, hoc’ > hau; laur > lau); arau baizik ez dugu edireiten, ediren ere, haraitzineneko textuetandanik:
“Arauz, alharcia treues” (Zalgizeren erran kommunetarik 137.a)
“eta bere salarioa bere tribailliaren, eta penaren arau” (Tartas, Onsa, 1666.)
“Eta houra erran urhentu datianian, bere Igante segnharatien arau berriz has eraciren derie, aski iakinsu diratiano”, “eguin bedi nitan çoure hitçaren arau”, “Non ikhassi cien Profecien arau Jesusec Betleemen içan behar ciala?” (Belapeire, Catechima laburra, 1696.)
Gure uste guztiz bidezkoaren baieztagarria, hargatik, hurrengo mendeko Maister Zuberoarra baithan hatzemanen dugu (textu zaharrenak ez dira, beraz, hala-beharrez “arkhaikoenak”). Izan ere, supposaturiko araur horixe baitu Maisterrek bere forma hurren bakharra (24 araur, eta arau, desarau, eta arauiala bana):
bat bedera bere sendimentiaren araur, gogo hunez gobernatzen dela
zure boronthatiaren araur pazientki bere büria soferi dezan
Jinkuaren legiaren araur bizitzera
eta batbederari bere obren araur phakiaren emaitekua
Lehenagoko araur batetarikoa dugu, beraz, arau egungoa, eta? |-| Ikhuskizunik guti du horrek grammatikarekin. Axolazkoagoa, berriz, arau(r) hori zein klassetako hitza den jakitea. “Izena” –diote, aho batez, irakurle guztiek :idea:. Baia? Hauxe erran ahal dezakegu, XVI eta XVIII mendeen arteko textuak ithurburu, arau(r) honen izentasunaz: Leizarraga, Axular, Harizmendi, Tartas, eta Maister salbu (eta, hauk baithan ere, guztizko kasu bakhanetan), arau beregainekoren kasurik batere ez dugu, ehunka arau(r), arau(e)ra, eta arauaz postpositionezkoren artean. Erran nahi baita, ehunetarik laurogei eta hemeretzitan ezeren arau / ezeren arau(e)ra / ezeren arauaz typoa dugu, guztiz ezeren ondoan, ezeren gainean, edo ezeren aitzinean bezalakoen kidekoa: postpositione ziharduen arau(r), eta Latinezko secundum zuen erran-nahikide (cf. Lat. Euangelium secundum Lucam, Leizarragak Euangelioa S. Luc-en araura).
Erran bezala, bazen, hargatik, arau beregaineko eta erran-nahi bethekorik (ondo, gain, eta aitzin erran-nahi bethekorik baden bezalaxe). Leizarragarena dugu, izan ere, arau beregaineko izenaren lehen lekhukotasuna:
Charitatearen icen haur da Grec, eta errâ nahi da onheriztea, edo amorioa: eta hartzen da Scripturán, gure buruac baino guehiago Iaincoa onhetsi behar dugû amorioagatic, eta gure buruac beçala gure hurcoa onhetsi behar dugunagatic: eta arau hunetara comprehenditzen du bere baithan, Iaincoagana eta gure hurcoagana eguitera itzeradoqui eta obligatu garen gucia (Christino batec iaquiteco dituen punctu principalén definitioneac eta descriptioneac 1432. orr.)
Horrelakoxerik Axular baithan ere:
Ceren hec cein guti çuten, are guc baitugu, hec baiño segurantça gutiago; eta aitcinerat hobe-qui behatcen ezpadugu, galtceco eta fin gaits eguiteco, iduri, arau eta molde guehi ago (Guero IV, 3 [67.])
Ceren ezta munduan halaco aitcindariric, guidariric, argui-eguilleric eta ez eracusleric, nola baita arraçoin naturala, eta arraçoin naturalac dioena: naturaren arauaz, leguez eta ethorquiz daquiguna: bat bederaren barrena, concientcia: eta concientciaren lehenbicico muguida, abiadura, eracuspena eta conseillua (Guero XLV [420.])
Eta hunela bada, bertceric ere cenbait hitz, batac eta bertceac, norc bere herrico edo erresumaco arauaz differentqui esquiribatcen baitituzte (Guero [18.])
Ceren eztugu iccusten ecen Iaincoac bere cerbitçariey, presuna iustuey, mundu hunetan horrela gauça handiric emaiten derauela, ez carguric, ez ohoreric, ez aberatstasunic, eta ez munduco bertce gauçaric. Aitcitic anhitzetan ere, hec dacus quigu direla probe, eritoqui, eta munduco arauaz on behar (Guero L, 2 [507.])
Halaber haren mende- eta herrikide zen Harizmendiren Officioan (1658.):
Kristoren eskolan Iauna,
Ungi zara zuhurtu:
Arau harzaz anhitz duzu,
Loriara bihurtu
Berantxeago, Eguzkialdeko kantoinean, Tartasen arau dü / eztü arauik errantza (biak Onsa hilceco bidia lanetikakoak):
"Platon dibinoak, Aristotesen nabusi handiak, zein batere paganoetan saluatzekoz, arau baitu, eztela galdu, hitz bakhoitz batez, gure bidia zonbat eder den errandu"
"herioak ezpadu botererik ogenik egiteko iustoari, zeren behardu beldur izan iustoak herioaren, horrek eztu arauik; lehen behar du maitatu, eziez haren beldurrian bizi"
Azkenik –hemen dugun ikher-eremuko azkena, jakina– Maisterren erakusgarri bakhar haur (1758.ekoa), araur gabe adjektivo fossilkaratua:
Etzitzela arren nahas, eta deskoraja, zer nahi beita gaizatan gaiñen, jiten zaitzün üdüripen araur gabek
Aitzinxeko araur gabe horrekin lotzekoa dukegu, nonbait, Tartas eta Maister Zuberoarrek kommun duten desarau adjektivoa (cf. orobat eraikiriko destenore eta desegin bezalako hybridokarak):
"Quid autem est turpius, quam Senex viuere incipiens. zerda mundian hain desarabik, hain deshonestik, hain estranjerik, eta itsusirik, nola gizon zaharbat, xurituz eta urdinduz geroz, akhabatu behardianian, hasten denian bizitzen" (Tartas, Onsa)
"Nekez düzü holako zerbait, zuñtan hañbeste mengua eztüzün, zihauren büriari hiltzia, nula ikhusten, eta soferitzen düzünian, zure boronthatiaren kuntre datekian gaiza zunbait, orotan gainti aldiz, manü ükhenen düzünian gaiza desarau, eta eztirela hun zuri üdüri zaikezünen egitia" (Maister, Imitacionia)
Horra arau(r) zaharra, araurik gabeko araugileak bazterrak nahastera ethorri baino lehenago, zerik zer. Daskuskigun handik honakoan heldu zaizkigun desaraukeriak =>.
Ez daude Erantzunak mezu honetan...