Artxiboak: Apirila 2006

sh graphoaz.

2006-04-16

Nori berea eta, sh utzi beharko Anglesezko izenetan, bai toki-izenetan (Marshall Uhartea, Washington, Yorkshire) bai giza-izenetan (ez gara, bada, *Xakespeare edo *Xelley izkiribatzen hasiko!). Baina Caesarena eman behar zaio Caesari, ez bertzerenik. Erran nahi baitut, [∫] ([š]) hotsaren adi erazteko Anglesak darabilan graphia dugu sh (mash, shame); ch darabila, aldiz, Frantsesak (cacher, chaud), sch Deutschak (schrecken, Wissenschaft), sc(i) Italianoak (strisciare, scempio),... Eta Euskarak? Bada, hauzoko Gaskoin zaharrak bezalaxe (Parisek bere ch behiala affrikatu izana eta Occitania Handiak fish ’n chips orthographia berria ekharri baino lehenagoko Gaskoinak), x dugu igurzturazko hots honen adierazkarri graphikoa: xume, klaxka, xuxen,... Halakotz, Anglesezko izenetan ethorkizko graphia begiratzea bidezkoena delarik –eta orobat, jakina, Frantsezkoetan (Cherbourg, ez *Xerburg(e)) eta gainerakoetan–, ez deritzat, aitzitik, bertzelako graphia-systemarik darabilaten hizkuntzetariko izenak geuretzean halaber egin behar dukegunik. Erraite batetakotz, zergatik Euskaraz sh erabil ш Cyrillikozkoaren ordain? Zergatik sh Arabikozko ش ordezkatzeko? Cyrillikoa (egokiturikoa, baina Cyrillikoa) baitu baliatzen Kyrgyzikoak: Бишкек Bixkek. Cyrillikoa Tajik-hizkuntzak ere (Tajikistanen bederen, Afghanistanen-eta oraino Arabikoa baitarabilate): Душанбе Duxanbe. Cyrillikoa Uzbekikoak ere: Тошкент Toxkent (Russikoz Ташкент Taxkent). Turkmenistanen, aldiz, Aşgabat dugu hiri buruzagiaren graphia offiziala (Ашхаба́д Axkhabad Cyrillikoz, عشق آباد ‘esq ābād Persikoz), eta horrixe etxeki beharko gatzaitza. Gurean ş typoa urri baldin bada, x izan behar luke aukerazko ordaina, ez neholatan ere sh. Somaliarrek Latinaren alphabeta hautatu dutenaz geroz, bego, aldiz, Muqdisho forma offiziala (Angl. Mogadishu, Ital. Mogadiscio). Bangla hizkuntzaz, azkenik, ‘Bangla Herria’ (h.d., guk, Britainiarrak bitarteko, Bengal ezagun dugun herria) erran nahi omen du ['baŋlade∫] ahoskatzen den horrek eta, izenak bere ethorkia nehondik ere Anglesezkoa ez baitu, Bangladex Euskararatzea dagoka.

Euskara dut herri, Euskarak nau laxu egin

2006-04-16

Erabil zeure zentzuna, zeure sena. Eragiozu gogoari. Ez utz nehork, handiki-soinekoz harroxko, bere akademikotasun hil, antzu, eta izen xoilezkoa hire Euskalduntasun bizi, ekharkor, eta izan bethekoaren gainera ezar dezan. Eragiozu gogoari. Ez utz bertzek hire ordez pensa dezan.

Ez naiz hizkuntza-anarkhiaren alde mintzo (ezeta hurrik eman ere!), hizkuntza-tyrannokerien eta, areago, jakingabetasunaren tyranniaren kontra baizik. Ez dakit egiazki Euskaltzaindiarik behar othe dugun -Frantseskeria eta Jacobinkeria dira, izan ere, hizkuntza-akademiak; halakorik batere ez du, erraite batetakotz, Anglesak, eta ez dirudi makalegi dabilanik ;D-; sinhetsirik nago, alabaina, egungoa bezalako Euskaltzaindiarik ezertako ere behar ez dugula (Espainiako Erregeren akademia baita izenez; Euskainolaren akademia, izanez eta egitez). Jakina, akademiarik gabe aitzina egiteko, egundainokoan ezin osatu dugun intelligentzija eta kultura-sphera behar genituzke lagungarri. Baina, Euskal kultura oraino ernatu-beharra Euskaltzaindiaren, Euskainolzaleen, EITBren eta Aranakume sasi-abertzale eta diglossia-joen menean, aurkizkirik, zapaldurik, ithorik dagoeino... Gurpil zoroau noiz urratuko? :'( >:(

Mortuan oihuz dagoenaren mintzoak:

Bidezko eta justu esten duzunaren alde ihardukitzeko eta borrokatzeko prest zaren Euskaldunori, ez othe du zeurorren hizkuntzak ere hargatik eta haren alde borroka zaitezen merezi? Orhoit, egiazko borroka autobusik erretzea edo saltegi-beirakiak harrikatzea ez dela. Egiazko borroka (knowledge is power), XXI mendeon nehoren oinpeko kultura-kolonia gaduzkaten jakingabetasun-estekailu eta -gatheak urratzea dugu egiazko borroka. Horixe dugu eginbide.

Laxu eta libre izan nahi baduzu, pensa, irakur, ikhas, egin. Eta hori guztiori Euskaraz egin badadezazu, nori zu Espainol-Frantses deitzerik bururako othe zaio? Eta, burura badakio-ere, axolarik izanen othe zaizu? ;)

Araura, arauera, eta arabera. Kuktura-hizkuntza eta ahozkokeriak (IV)

2006-04-16

=>

3. Laphurtar batzuren hegatsetaraino helduriko ahozko arronkeria dugu, aitzitik, arabera forma. Hastean, gau / gabean, gabera, gabeko aldizkatzea egiten zutenen berezikeria zen arabera hori. Orok dakien gauza da, mintzo batzutan [u] amaikoaren eta ondoko vokalaren artean [w] irrixtotsa (glide) sartzen dela: buruba, gauba, batzubek,... Vokal artean, [w] horrek bere aitzineko [u] vokala irestea gerthatzen da maiz, edo (phonologoek eztabaida ditzatela xehekeriok) xuxenki [w] bilhakatzen da [u] vokal artekoa: hedatuagorik daude, baiki, gaba, gabean, gabeko formak, gauba, gaubean, gaubeko baino.

Halako forma ahozkoak hagitz hedaturik izateak ez du erran nahi, ordea, neholatan ere hizkuntza standard, bathu, Euskal Herritar guztiendakoa denak halako arronkeriarik onhartzeko duela. "Mila gabak eta gau bat" erraiten hasi beharko dugu, ala? Horixe eskatzen bailuke erizpide-batasunak (koherentasunak, nahiago baldin baduzu): arau / arabera onhetsirik (areago, hobetsirik, bakharretsirik XX(!!), zergatik ez buruba? zertako ez gaberdian? zeren ez munduban, zeruban, eta eguzkijan? Othoi, guzaz barre egin dezaten nahi ez badugu, ez dezagula barregarrikeriarik egin >:(.

Hazterrenik othe dugu, bada, arabera halako arronkeria dela egiaztatzeko? Bai, bada. Hor arabera lehenik erakutsi deraukun Voltoire (1620.eko textua, hizkuntza-interessezkoa bezain litteratura-maila aphurrekoa): arabera “selon segun” (L’Interprect, 11. orr.). Horren ondoan: garabic (garau), souba (su), bourreba ‘bourreau’ (burreu), arraba ‘auiron’ (arrau, egungo arraun forma hedatuagoaren aldaira), othoy eguten derabat ‘othoi egiten derauat’. Bere baithan dira asko klar... ez da?

Ez da aski? 1665.ean, arabaz forma ageri du Argainaratzek (cf. aitzinxean ikhusiriko arauaz):

Sant Elizabeth, deuotac,
Çuei minço çaitçue:
Harenequin orobatac,
Obrac eguinçatçue.
Iaiqui beraz gau erditan,
Eta haren arabaz,
Orrhoit Iaiquitce alditan,
Ifernuan den gabaz
(Deuoten Breuiarioa, 5. orr.)

Elkharren ondotsuan, beraz, arabaz eta gabaz arronkeriak. Argainaratzek berak: gabaz ‘gauaz’, gabera ‘gauera’, gabean ‘gauean’, garabic ‘garau(r)ik’, garabez ‘garauez’, ceben ‘zeuen’, cebei ‘zeuei’. Lothurarik ikhusten, forma bata eta bertzeak erabiltzearen artean? |-|

Heuragitu eta hedatu ziren, bada, horrelakoxe arronkeriak XVIII mendearekin, Laphurdiko urrhezko aroko litteraturak bere hoberena eman-eta (badirudi, halarik ere, batzuk bigarren mailako epigonook eta litteratura-beheraldiko authorok harako aitzindari eta atzinatzaile bikhainak baino maiteago eta jarraikizunago dituztela 88|). Halakotz, nabusi edirenen dugu arabera textu gehienetan. Horrela Xurio baithan:

Gure bihotceco penduren arabera”, “iaquintassun horren arabera bicitceco”, “guiçonen haicezco solasen arabera ez hiratcea

cf. “gabac, eta egunac iraganarasten darozquigu nekhe eta borroquetan”, “baiñan guretçat ez dugu nahi hertsitasun garabic” textu berekoak.

Orobat Haranederren Gudu Izpirituala lanean:

urguilleria gehiago edo gutiago duenaren arabera
ez itxuraren arabera, ez gure sensuen edo munduaren arabera, baiñan Jaiñkoaren Izpirituak fornitzen darokun, opinionearen arabera

Bitxia da, hagitz (eta eztabaidagai kilikagarria), nola Haranederrek Gudu Izpirituala honetan arabera baizik ez erabiliagatik (18 agerraldi), Evangelio Saindua mardulagoan, aldiz, arauera guztiz nabusi duen (han-hemenkako arabera bakhan batzu baizik ez). Aspaldixkodanik sinhetsirik nago Haraneder, hitzez Leizarraga hain lazki gaitzetsi eta kondemnatuagatik, bere aitzindari Protestantaren textuari maixko jarraiki zitzaiola. Eta, Leizarragak araura forma baitzerabilan, arauera hurbilagoaren baliatzera bulkhatu zukeen horrek itzultzaile katholikoa. Bego oraingotz ustea. Haranederrek, dena dela, ceuben ‘zeuen’ eta garabei ‘garauei’ ere erabiltzen zituen, arabera bezalaxe.

Handik honakoan, arabera dugu Laphurdi-Nafarroetan gailen, Duvoisin baithan oraino bai arabera, bai arauera khausi ahal badaitezke-ere (derradan, ixilpean geldi ez dadin, Lizarraga Elkanokoak Nafarroa Garaiko ariora aldaira darabilala, arau(e)ra typotik hurbiltsu). Hortik, bethidanik arau xoila (eta, hagitzez bakhankiago, arauiala edo arauian) baliatzen zuen Zuberoako Üskarara ere iragan da arronkeria, Arxü lekhuko:

mundu guziko legiaren arabera (Jenesa: XIX, 31)
arrotz hoyen kostumaren arabera (Jenesa: XXXIV, 22)
eta guk ihardetsi diozugu galthatzen zeikunaren arabera (Jenesa: XLIII, 77)

Eta –bertzerik uste genduen, bada?– arronkeria horixe onhartu dute gure akademikoek hizkuntza bathukotzat :lalala:. Horrela jokhaturik, gabean ‘gauean’ edo buruba ‘burua’ motako ahozko forma arronta imposatu nahi izan dute kultura-hizkuntza standardean :lalala:. Horrela jokhaturik, garden zen paradigma (arau : arau(e)ra, arauez / arauaz) uhertu eta urratu dute (bi item ditugu orain: arau eta, harekiko lothura logikorik gabe, arabera) :lalala:. Horrela jokhaturik, berriz ere gure traditionerik hoberenaren bidetik hastandu-eta xokho-xidorretara aldaratu nahi izan dute Euskara :lalala:. Horrela jokhaturik, bere burua hizkuntzaren arauztatzaile bakhar ezarri dutenek hizkuntza-araurik batere ez dutela erakutsi deraukute. Euskararen sarraskia okhelakatzen ari liren saien antzora dihardute akademiakideok, viktima bere buruaren defendatzeko zirkinik eginen ez duelako konfidantzaz. Hilik othe dago Euskara? >:(

Araura, arauera, eta arabera. Kuktura-hizkuntza eta ahozkokeriak (III)

2006-04-16

=>

2. Haraitzinako araura horren morphologia ilhunxko bilhakatu-eta, arau berriaren gainean -ra norakotasun-marka ardurakoaz eraiki zen arauera forma gardena (cf. gau > gauera). Baina gau / gauera edo aitzin / aitzinera bezain agerikoa da oraino ere, hargatik, arau / arauera paradigma-lothura.

Forma berriagoa ageri dutenen artean: Etxeberri Ziburukoa, Pouvreau, Haranburu, Etxeberri Sarakoa,...

Carguaren arauera bician daguien lan” (Etx. Ziburukoa, Man. deuot. II, 57)
saindugarritasuneco espirituaren arauera” (Pouvreau)
Bertutezko lanetarik lehen hautatu behar dugu gure eginbideari hobeki dagokana, ezen ez gure gustuaren arauerago dena” (Pouvreau, Philotea)

Hauk baithan, Leizarraga baithan bezalaxe, arauez / arauaz ere aurkhitzen ditugu (arauaz baizik ez darabila, arauera kasu bakhotxik gabe, Axularrek).

“Secundum mensuram delicti, erit & plagarum modus. Hobenaren arauaz, içanenda gaztigua ere” (Guero LVII, 1 [581.])
huna ni Iaunaren zerbitzaria, egin bekit zure hitzaren, arauaz”; “Hura handi den arauaz, / Nik solas albanegi” (Harizmendi, Officioa)
eta batbederari emanen dioela bere obren arauaz bere merezia” (Materre, Doctrina)
Eztuzu iujeamendu eman behar, zure oraiko sentimenduaren arauaz” (Pouvreau, Imitacionea)
guk predikuetan harkhez erraiten zaizkigunak biltzen ditugun arauaz” (Pouvreau, Philotea)
Hunen arauaz ihardetsi zuen Kleomeres Sparziako hark ere” (Etxeberri Sarakoa, Eskual Herriko Gazteriari)

Bigarren formarik dugu, beraz, araura zahar eta klassiko dei ahal genezakeenaren aldean. Eragozkarririk batere ez, hargatik, araura zein arauera erabil ahal izateorretan. Izan ere, hautaira hirurkuna egin ahal dezake nehork, gauza beraren adi erazteko: haren nahiaren araura, haren nahiaren arauera, haren nahiaren arau. Ezer txarrik othe horrek? Deus Euskararentzat kaltezko denik? Ez dut nik uste, bada.

Baina, araukera maukera... :oops:

Araura, arauera, eta arabera. Kuktura-hizkuntza eta ahozkokeriak (II).

2006-04-16

Argi eta ez-bairik gabeak, beraz, honainokoak; haraindian, grammatikagileek aurizki behar ez luketen etymologiazaleen lanho-herri mysterioz bethea dugu (bertze batetakotz utziko dugu, beraz, araur honek haur erakustekoarekin edo eredu postpositione erran-nahikidearekin ahal dukeen lothura).

Baina, zer dela-eta batak araura dioenori bertze batek arauera eta hirurgarren batek arabera diote? :-/ Bat dira formok guztiok? Lothurarik dutea arau(r) izen/postpositionearekin? XX( Emeki-emeki eta sapharpeko bidetarik ibili gabe.

1. Araura da lehen dokumentaturiko forma (Etxepare, 1545.ean):

"igorten darauritzut heuscarazco coplabatzu ene ignoranciaren araura eguinac" (LVP, A ij)

Horixe Leizarragak (1571) darabilan bakharra:

"Eta anhitz hunelaco comparationez tractatzen cerauen hitza, ençun ahal ciroitenaren araura" (Marc IIII, 33)
"Ezteçaçuela iugea apparentiaren araura, baina iugemendu bidezco batez iugea eçaçue" (Ioann. VII, 24)
"Possessioneac eta onhassunac saltzen cituzten, eta partitzen cerezten guciey batbederac beharra çuenaren araura" (Ap. Act. II, 45)

Horixe, bakharturik, Maitie Oloroeko ipizpikuak 1676.ean Üskaraz argitaraturiko othoitzetan:

"Arima debotak bildü zireie lekü saintü hontara, Eliza ama saintiaren egitate honaren araura"

Eta horixe Gasteluzarrek oraino 1686.ean ageri duena:

"O ene Jainkoa, urrikal nakizu zure miserikordia handiaren hedadura guzien araura"
"Helaz, Jauna, baldiñ tratatzen bagaitutzu gure falten araura, nork sofrituko tu zure justiziaren aspretasunak?"

Irigoienek erakutsi bezala, fossilduriko forma zaharra dugu araura, oraino -r amaikoa galdu gaberiko araur formaren gainean -a norakotasun-marka zaharraz eraikia: araura = araur + -a.

Arau zaharrekoa, nehondik ere, xuxena, eta -hauxe baita egiazki axolazkoa kultura-hizkuntza hazkar eta erro-sendorik eraiki nahi baldin badugu- traditione ezin hoberik euskarri eta bermagarri duena. Horren aurkhan, deus othe dira arau(e)ra / arabera bere ez izan-eta bertzerenganik ikhasi behar izan dutenen makhurkeria eta nahikundeak? Ikhasi behar denaz geroztik -eta gehienok ikhasi behar izan dugu arau(e)ra bezalakoak erabiltzen, Gipuzkoa, Araba, Bizkaia eta Nafarroa Garaiko bazterretan entzun gaberiko hitza baita-, ez othe genduke hobe ithurri bikhainenetarik ikhas genezan, hemengo edo hango ixtiltzetan muxurkan ibili gaberik? ;)

"Arabera" irets erazi nahi deraukuten arauzaleak.

2006-04-16

Alfonso Irigoien Euskalzain suhar zenaren orhoitzarretan

Araur bilha.
Horixe baita, araur, egungo arau ‘norma’ izen substantivoaren ethorkia (bidenabar, Hiztegi Batuak ez du ‘norma’ onhartu; bai, ordea, ‘normal’ edo ‘normalizazio’ :crazy:). Horrelakorik susma ahal genezakeen Zuberoako arau formari oharturik: ethorkizkoa arau izan baliz, Eguzkialdeko xokhoan *arai izan behar genduke (cf. gau > gai, hauzo > aizo, deraut > dereit > deit,...; baina haur ‘hic, haec, hoc’ > hau; laur > lau); arau baizik ez dugu edireiten, ediren ere, haraitzineneko textuetandanik:

Arauz, alharcia treues” (Zalgizeren erran kommunetarik 137.a)
eta bere salarioa bere tribailliaren, eta penaren arau” (Tartas, Onsa, 1666.)
Eta houra erran urhentu datianian, bere Igante segnharatien arau berriz has eraciren derie, aski iakinsu diratiano”, “eguin bedi nitan çoure hitçaren arau”, “Non ikhassi cien Profecien arau Jesusec Betleemen içan behar ciala?” (Belapeire, Catechima laburra, 1696.)

Gure uste guztiz bidezkoaren baieztagarria, hargatik, hurrengo mendeko Maister Zuberoarra baithan hatzemanen dugu (textu zaharrenak ez dira, beraz, hala-beharrez “arkhaikoenak”). Izan ere, supposaturiko araur horixe baitu Maisterrek bere forma hurren bakharra (24 araur, eta arau, desarau, eta arauiala bana):

bat bedera bere sendimentiaren araur, gogo hunez gobernatzen dela
zure boronthatiaren araur pazientki bere büria soferi dezan
Jinkuaren legiaren araur bizitzera
eta batbederari bere obren araur phakiaren emaitekua

Lehenagoko araur batetarikoa dugu, beraz, arau egungoa, eta? |-| Ikhuskizunik guti du horrek grammatikarekin. Axolazkoagoa, berriz, arau(r) hori zein klassetako hitza den jakitea. “Izena” –diote, aho batez, irakurle guztiek :idea:. Baia? Hauxe erran ahal dezakegu, XVI eta XVIII mendeen arteko textuak ithurburu, arau(r) honen izentasunaz: Leizarraga, Axular, Harizmendi, Tartas, eta Maister salbu (eta, hauk baithan ere, guztizko kasu bakhanetan), arau beregainekoren kasurik batere ez dugu, ehunka arau(r), arau(e)ra, eta arauaz postpositionezkoren artean. Erran nahi baita, ehunetarik laurogei eta hemeretzitan ezeren arau / ezeren arau(e)ra / ezeren arauaz typoa dugu, guztiz ezeren ondoan, ezeren gainean, edo ezeren aitzinean bezalakoen kidekoa: postpositione ziharduen arau(r), eta Latinezko secundum zuen erran-nahikide (cf. Lat. Euangelium secundum Lucam, Leizarragak Euangelioa S. Luc-en araura).

Erran bezala, bazen, hargatik, arau beregaineko eta erran-nahi bethekorik (ondo, gain, eta aitzin erran-nahi bethekorik baden bezalaxe). Leizarragarena dugu, izan ere, arau beregaineko izenaren lehen lekhukotasuna:

Charitatearen icen haur da Grec, eta errâ nahi da onheriztea, edo amorioa: eta hartzen da Scripturán, gure buruac baino guehiago Iaincoa onhetsi behar dugû amorioagatic, eta gure buruac beçala gure hurcoa onhetsi behar dugunagatic: eta arau hunetara comprehenditzen du bere baithan, Iaincoagana eta gure hurcoagana eguitera itzeradoqui eta obligatu garen gucia (Christino batec iaquiteco dituen punctu principalén definitioneac eta descriptioneac 1432. orr.)

Horrelakoxerik Axular baithan ere:

Ceren hec cein guti çuten, are guc baitugu, hec baiño segurantça gutiago; eta aitcinerat hobe-qui behatcen ezpadugu, galtceco eta fin gaits eguiteco, iduri, arau eta molde guehi ago (Guero IV, 3 [67.])
Ceren ezta munduan halaco aitcindariric, guidariric, argui-eguilleric eta ez eracusleric, nola baita arraçoin naturala, eta arraçoin naturalac dioena: naturaren arauaz, leguez eta ethorquiz daquiguna: bat bederaren barrena, concientcia: eta concientciaren lehenbicico muguida, abiadura, eracuspena eta conseillua (Guero XLV [420.])
Eta hunela bada, bertceric ere cenbait hitz, batac eta bertceac, norc bere herrico edo erresumaco arauaz differentqui esquiribatcen baitituzte (Guero [18.])
Ceren eztugu iccusten ecen Iaincoac bere cerbitçariey, presuna iustuey, mundu hunetan horrela gauça handiric emaiten derauela, ez carguric, ez ohoreric, ez aberatstasunic, eta ez munduco bertce gauçaric. Aitcitic anhitzetan ere, hec dacus quigu direla probe, eritoqui, eta munduco arauaz on behar (Guero L, 2 [507.])

Halaber haren mende- eta herrikide zen Harizmendiren Officioan (1658.):

Kristoren eskolan Iauna,
Ungi zara zuhurtu:
Arau harzaz anhitz duzu,
Loriara bihurtu

Berantxeago, Eguzkialdeko kantoinean, Tartasen arau dü / eztü arauik errantza (biak Onsa hilceco bidia lanetikakoak):

"Platon dibinoak, Aristotesen nabusi handiak, zein batere paganoetan saluatzekoz, arau baitu, eztela galdu, hitz bakhoitz batez, gure bidia zonbat eder den errandu"
"herioak ezpadu botererik ogenik egiteko iustoari, zeren behardu beldur izan iustoak herioaren, horrek eztu arauik; lehen behar du maitatu, eziez haren beldurrian bizi"

Azkenik –hemen dugun ikher-eremuko azkena, jakina– Maisterren erakusgarri bakhar haur (1758.ekoa), araur gabe adjektivo fossilkaratua:

Etzitzela arren nahas, eta deskoraja, zer nahi beita gaizatan gaiñen, jiten zaitzün üdüripen araur gabek

Aitzinxeko araur gabe horrekin lotzekoa dukegu, nonbait, Tartas eta Maister Zuberoarrek kommun duten desarau adjektivoa (cf. orobat eraikiriko destenore eta desegin bezalako hybridokarak):

"Quid autem est turpius, quam Senex viuere incipiens. zerda mundian hain desarabik, hain deshonestik, hain estranjerik, eta itsusirik, nola gizon zaharbat, xurituz eta urdinduz geroz, akhabatu behardianian, hasten denian bizitzen" (Tartas, Onsa)

"Nekez düzü holako zerbait, zuñtan hañbeste mengua eztüzün, zihauren büriari hiltzia, nula ikhusten, eta soferitzen düzünian, zure boronthatiaren kuntre datekian gaiza zunbait, orotan gainti aldiz, manü ükhenen düzünian gaiza desarau, eta eztirela hun zuri üdüri zaikezünen egitia" (Maister, Imitacionia)

Horra arau(r) zaharra, araurik gabeko araugileak bazterrak nahastera ethorri baino lehenago, zerik zer. Daskuskigun handik honakoan heldu zaizkigun desaraukeriak =>.

Jerusaleme, Jerusalemetarrak, eta -md- ahoska dezaketen ezpain haxkarrak.

2006-04-15

Badirudi gure Euskaltzainek oraino, batetik, (ortho)graphia eta phonologia eta, bertzetik, exonymoak (edo, oro har, hitz arrotzak) eta endonymoak (h.d., Euskal gordailukoak) berezten ikhasi ez dutela. Lehen egia: Euskarak ez du bere gordailuko hitzetan -m amaikorik onhartzen. Bigarren egia: bada atze hitzik aski, -m amaikoa dutenik. Beraz, zerbaitere egin behar du Euskarak hitzok beretuko baldin baditu. Eta egin izan du, egin ere, Euskaltzaindia gure hizkuntza arauka eta erabakika salbatzeko sorthu baino hagitzez lehenago ere Euskara landu eta jorratu duenik izan baita.

Hor Leizarragaren oinhatza: kultura-hitzak bere horretan maileba eta exotoponymoei beharrezko egokitzapen euphoniazkoak egin. Lehen motako mailebuen erakusgarri, perfum: “eta eman zekion anhitz perfum, Saindu guzien orationekin ofrenda litzanzat” (Apocalypsea VIII, 3). Bigarrenekoenik, Jerusaleme: “Orduan ethor zedin harengana Jerusaleme eta Judea guzia” (Matth. III, 5), “Jerusaleme, Ierusaleme, zeinek hiltzen baitituk Prophetak, eta lapidatzen hiregana igorri diradenak” (Luk XIII, 34). Hauxe har dezagun gogoan, hemen hazterkakizun ditugun exotoponymoen eredugai.

Ethorkizko Ierusalem Euskal hots-systemari egoki ez baitzitzaion, hondar -e bertzelakoetan ere hain ohiko dena baizik ez genduen behar hiri-izenori geuretzeko. Hortik: Jerusaleme (eta Jerusalemek, Jerusalemeri, Jerusalemez, Jerusalemeko, Jerusalemera, Jerusalemetik,...) Eta haren hatzari darraitza bai Maister Zuberoarra bere Imitacionia 1757.ekoan: “Ordian khandera-argiz, Jerüsalame ikhertia izanen da”, bai Duvoisin Laphurtarra XIX mendean: “Jerusaleme, Jerusaleme, profetak hiltzen eta hire gana bidaliak direnak harrikatzen ditunana”.

Bertzelako bidetik ibili ziren, aldiz, Sarako Eskolakoak eta gainerako Laphurtarrak, Axular buru zutela: izendatzezkoan (zer-kasukotz), Latinezko Ierusalem egokitu gabea zuten forma hautatua: Axularrek “Ierusalem, çure aizpa Sodomaren beccatua eta galgarria içan cen, vrguillutasuna, asea eta alferqueria”; Etxeberri Ziburukoak “Hierusalem eguinen du Prouincien burua”, “Hierusalem, Erroma, eta san Iaquesco licea”; Pouvreauk “O zein eder zaren ene Hierusalem maitea”, “Hierusalem doatsu hartan” (baina, Philotea berean, “zeruko Ierusaleme hartan” darabila); Gasteluzarrek “non ikhusiko baitut erreparaturik Jerusalem?”. Eta halaberxe Haranederrek ere: “Jerusalem, Jerusalem, profetac hillaracitcen ohi ditunana” (cf., aitzinean, Leizarragarena eta, bidenabar derradan, ohart nola Leizarragak Euskal grammatikari etxekirik tokakoaz eman zuena geroko Haranederrek eta Duvoisinek, Erdarak kutsaturik, nokakoaz ageri duten).

Kasu-markarik eta -ko suffixua berretu-eta, ordea, bat egiten dute guztiek: Jerusalemeren, Jerusalemetik, Jerusalemera (salbuko bakharra, neurriak ezarririkoa, Ziburukoaren “Iesus Iauna ere igan cen Hierusalema haurrean”); Jerusalemeko. Izendatzezkoa baizik ez dute elkharganik berezi, beraz: Jerusaleme / Jerusalem.

Xoilik Harizmendi baithan ediren ahal dezakegu, XVI mendetikako litteratura-traditionean, Jerusalen eta Jerusalengo bezalako arronkeriarik (poblu aldaira hain maite zuen Harizmendi bera baithan). Ez ditu eskas, alabaina, Jerusalem eta Jerusalemen kasuak eta ohartzeko zaio ezen Jerusalengo kasu guztiak hitz neurthuzko alderdian ageri direla (neurriari egokiturikoak, beraz).

Eta nola derizte Euskaraz, bada, Jerusalemeko egoileei? Jerusalemdar othe, Euskaltzaindiak dioskun bezala? Horretan 1999. urtherainokoan aitzindaririk batere izan ez bagendu-ere (eta ez baita hori gure kasua, gero!), aski genduke zentzun aphurxka bat, -md- hori Euskarari nehondik ere ezin egoki dakikeola ohartzeko. Eia, -l eta -n ondoan gerthatzen da Euskaraz ahostuntzea, eta horrelakoxe mailebuei applikatu zaie erregelori: ALTARE > aldare, SANCTU > saindu,... Ezin -mt konsonant-taldeari applika, zeren Euskaraz ([N] arkhiphonemari dagotzan gauzatzeetako eta mailebu zenbaixkatako -mb- ez bezala: zenbat [sembat], hanpa [hampa], implika) -mt- eta -mk- taldeak ezin onhartuzkoak baitira. Ah... agian... Bai, horixe da. Graphiaz -m hori ezarriagatik ere, Euskaldunok [jerusalen] ahoskatuko dugula darabilate gogoan gure hizkuntzazainek eta, halakotz, [jerusalendar] izkiribatzeko graphia bihurria baizik ez dateke Jerusalemdar hori. Hala baldin bada, herri artean xoilik kultura-eremuetarik kanpoko hizkuntza bakhan batzuren herronkan ezarri nahi gaituzte, [jerusalen] proposaturik, eta irain larrixkoa lizateke Euskaldunok [jerusalem] erraiten ikhasteko gai ez garela uste izatea. Hala ez baldin bada, eta Euskaltzaindiak [jerusalem] ahoskairaren alde egin badu, mamua baizik ez da *Jerusalemdar forma eta, ezer izatera, Jerusalemtar izan behar luke. Daitekeenik othe da hori? Ez dut nik ezetz erranen, hori baino konsonant-talde bitxiagorik eta ohigabeagorik ahoskatzen ikhasirik baikaude Euskaldunok (transgeniko, absent, protagonista), behialako gurutze (CRUCE), adarailu (cf. LADRILLO), eta lama (FLAMMA) egokituak bazter utzi-eta. Baina, koxka hori 1571. urtheaz geroztik zelhaiturik izan-eta, zertako halako ergelkerietan den khemenik aphurrena ere alferrik gal? Leizarragak dixit: “Orduan ethorten dirade Iesusgana Ierusalemetar Eskriba eta Fariseu batzu, dioitela” (Matth. XV, 1), “Erraiten zuten bada Ierusalemetar batzuk” (Ioannes VII, 25). Hobe lukete gure akademiakideok Euskaldunek eginei ohartzenago balitzaizte, garden dena uhertzen eta nahasten ibili gaberik.

Jerusalemekoak Jerusalemetar, beraz. Horren hildotik, neke handirik gabe erator ahal daitezke gainerakoak, analogiak oraino baliorik baldin badu, behintzat.

hiri-izena: Amsterdam (Amsterdamek, Amsterdamera, Amesterdametik, Amsterdameko, Amsterdamez, Amesterdameri / Amsterdami).
hiritar-izena: Amsterdametar.

hiri-izena: Dar es-Salaam [Tanzania].
hiritar-izena: Dar es-Salaametar.

hiri-izena: Khartum.
hiritar-izena: Khartumetar.

hiri-izena: Stockholm.
hiritar-izena: Stockholmetar.

hiri-izena: Surinam.
hiritar-izena: Surinametar.

hiri-izena: Vietnam.
hiritar-izena: Vietnametar.

Amai dezadan, eta berrekarritzat, orobatsu da Euskaltzaindiak emaniko Piongiang > piongiangdar kasua. Ahagangako konsonant sudurrezkoa adi erazten du -ng digraphoak: [ŋ]. Allophonikoa baizik ez da hotsori Euskaraz (inguru, zango, hanka, edo finki hitzetan ageri zaiku), phonematasun osokoa, aldiz, erdara anhitzetan (hor, hurbilxko, Anglesezko sin ‘bekhatu’ / sing ‘kanta’ opposaira). Aitzinean ikhusiriko *-mt- bezalaxe, ezinezko konsonant-taldea da *-ngt- Euskaraz eta, beraz, ezin Euskararen erregela phonologikorik egoki. Halakotz, berriz ere, edo Piongiangtar bezalakorik onhar ([ŋ]ahagangakoa, ez [ng] n + g, ahoskaturik) edo Piongiangetar erraxago eta karazkoagoa ezar.

Judutarrak, islamiarrak, eta Euskaldun kaxkarrak.

2006-04-15

Ikhusirik gaude, -(t)ar honezaz:

berret-oina: [+ subst, + toki-izen]
{Iruina, Bilbao, Atharratze / herri, mendi / lekhore, kanpo}

Erraitekorik guti lehen multzuko izenez, kasuan kasuko ez-baiak gora-behera (h.d., halakoan, -ar ala -tar?).

Erro barna eta hazkarrekoak, halaber, bigarren eta hirurgarrenekoak. Ongi dokumentaturik ditugu XVIII mendean herritar, kanpotar, lekhortar (Haraneder, Xurio), eta bai mundano mailebuarekin dihardukan mundutar asmatu-berria ere (Haraneder). Handik harakoan, han-hemenka –eta bethiere ‘egoile, habitant’ gizakizkoen adierazkarri– hiritar, menditar, infernutar,...

Hitz zenbaixka egitea eskatzen dute, aitzitik, -(t)ar suffixuaren erabiltze hastandu batzuk. Daitekeen gauza da, beharbada, nehork Judu izenaz halako konzeptu laxu, orotako, eta zabala izatea, eta Judutar bezalakorik asmatzeko eragozkarririk ez ikhustea. Izan ere, engoitik Etxeberri Ziburukoa baithan da Judutar hori (XVII mendearen lehen erdian, beraz), Judu xoilaren kide guztizkoa:

Manna ezti Iudutarrei mortuan fornitua,
Eta ethentçetic tresnac osso beguiratua
(Manual deuotionezcoa II, 110)

Banago, hargatik, Ziburukoa baithan Judutar hori neurriak eskaturiko forma ad hoc asmatua ez othe den (cf. indaquedaçu bezalako pleonastikokeria neurri-bethagarriak). Dena dela, sortzea “itzalpeko” xamarra izanik ere, bide luze eta agerrikoa egin izan du geroztik, Haranederrek bildu baitzuen berrikeria bere Evangelio Sainduan: “Non da judutarren erregue sorthu berria?”, “Babyloniarat judutarrac eramanac içan ciren artean”, “Ecen ez dute erquidetassunic judutarrec samaritanoequien”. Nehoiz Judu kommuna guztiz aldaratu gaberik, ordea: “juduac Babyloniarat eramanac içan ciren demboratsuan”, “juduen artean”.

Bego, beraz, Judutar eztabaidagai. Hitz erdirik ere ez lukete merezi, berriz, XVIII mendeon bereon heldu-eta handik honakoan geroago heuragiago ibili zaizkigun Saduzear bezalako hybrido grammatikagabekeriazkoak.

Icussiric, bada, pharisauetaric eta saducearretaric haiñitz heldu cirela haren bathayorat (Haraneder, Ev. Saindua: Matt. III, 7)

Zer othe da horko saducear hori (Leizarragarentzat Sadduceu), Sadducéen Erdarazkoaren analogiakeriaz sorthuriko mustroa baizik (orhoit ezen Haraneder, Leizarraga ez bezala, Vulgatari baino Frantsesezko textuari jarraikitzenago zitzaiola)? Logika gardena, bai, baina okherra: Italien : Italiar, ergo Sadducéen : Saducear (Euskainoldunen buruetan, monasterio eredu, *monastegi Euskaraz fitsik ere erran nahi ez duena sor erazi zuen logika bera, nonbait). Othe da, bada, *Saducea deritzan herri, hiri, tokirik? Gaitzerdi pharisau utzi-eta *pharisear edo *pharisiar bihurtu ez baitzuen!

Bertzetan bezalaxe (cf. Nazarendar), Haranederren mamukeriok ez ziren –ondikotz!– antzu eta elkhor gerthatu, eta athertu gaberiko zaparra izan ditugu geroztikakoan saduzear (Hiztegi Batu delakoak bere egina), islamiar (Euskaltzaindiak dixit!), hamartar, angeluar (ez Angeluko hiritarrak, Angeles baitira, ‘kantoin’ edo ‘angulu’ konzeptuari dagokan adjektivoa baizik!), sobietar, olinpiar (Olympos oinharri), eta abarrak. Harrigarria, zinez, angeluar amets gaixtozkoa; hortik abiatu-eta, zergatik ez egunario, izarral, ikuskizundar edo espektakuluar...?

-(T)AR (I)

2006-04-15

Oinharrizko berezkarriak.

Morphologia:
[+ suffixu]
berret-oina: [+ subst, + toki-izen]
= {Iruina, Bilbao, Atharratze / herri, mendi / lekhore, kanpo}

Erran-nahia / eduki semantikoa:
[+ adj]
[+ nongotasunezko]
[+ gizakizko]

Nolakotasun syntaktikoak:
[+ attribuitzezko]: [+ eskuineko] Arabiar emaztekiak
[+ predikatzezko] Euskal Herritar dira Erdaldunok ere

-(t)ar = -ko + gizakumezkotasuna

Alhorkan eta belhartzarkan.
Euskal Herriko izenei berretzean (izenok herri-, hiri-, baserri-izen edo bertzerik direla) ez da, berriroki arteino bederen, ez-bai handiegirik izan: Bizkaitar, Laphurtar, Baionar, Saratar, Beasaindar,...

Ez da hala izan atze izenekikoan, ordea. Geure litteratura-traditionerako behako batek erakusten derauku lehen urrhatsa, oro har, Erdal adjektivoa bera geuretzea izan dugula. Horren erakusgarri, -ano (-anus Latinezkoaren ondorengo) suffixuaren erabiltzea: hor Leizarraga baithako Romano, Corinthiano, Thesaloniceano, Samaritano, Galileano, Cyreniano, Syriano, Arabiano, Cretiano, Ethiopiano, Macedoniano, Asiano, Egyptiano,... Honelakoen gordintasunaren salhagarri, emezkoan -ana ageri izatea: (emazte) Samaritana, Syrophenissiana. Eta iraunkor dugu, baiki, suffixuori geurean, bazterrotako hameka Amerikano eta Indiano lekhuko. Hildo bertsutikakoak ditugu Materre Euskaldunduaren Caldeano edo Axularren Lucano. Bakhanago, -eo suffixua ere hatzeman ahal daiteke (halaber -ea emezko gordina aldean): Chananeo / Chananea Leizarraga baithan.

Bada, alabaina, -tar herritar-izen berririk ere hastapenetako aitzindariok baithan. XVII mende hasteantsu Materrek Israelita zioena (“Israelitak Egyptoko gathibutasunetik”), erraite batetakotz, Israeltar zen jadanik aitzineko mendeko Leizarragarentzat: “Israeltar gizonak, enzun itzazue hitz hauk”, “Hebraiko dirade? ni ere: Israeltar dirade? ni ere: Abrahamen hazi dirade? ni ere”. Eta Leizarragaren ondoan, Euskal litteratura hazkartu-eta Euskal izkiribatzaileak ohartuki eta bereziki hizkuntza lantzen eta jorratzen hasi zirenean, erauzi beharreko belhartzarren sortara bildu zituzketen halako -ano gehienak, eta -(t)ar-dun berriak asmatu behar izan zituzten haien ordezkotzat. Hor Etxeberri Ziburukoaren Joseph Arimathiarra (Leiz. Joseph Arimatheakoa) edo Ninivar (Leiz. Ninivako, Axular Niniveko / Ninivita). Hor, orobat, Axularren Geroko Erromatar (Leiz. Romano, Etxeberri Sarakoa Erromar) eta Kartagotar: “Içan çutenean Erroma-tarrec, desiratcen çuten abantailla eta garaitia, Cartago tarren gaiñean, Sarthu ciren conseilluan Erroma-tarrac, ea cer eguinen çuten, Cartagoco hiri hartçaz”.

Euskarazkoak ez bezala, ordea –hizkuntzadunak Ziburu izenetik abiatu-eta Ziburutar aise emaiten baitu–, okherkeria-ithurburu gerthatu ziren atze izenok. Engoitik XVIII mendean, egungo egunean bezalaxe, maiz aski Erdarazko adjektivoa bera izan zen, ez toponymoa, oinharri eta abiagune. Halakotz, Leizarraga protestant eta Erdalzalexkoak Nazareno dioenori gordinetsirik, Haraneder katholikoak, Euskarazko forma berririk eraiki nahiz, ez zuen, egin behar zuen bezala, Nazareth hiri-izenerat jo, Erdal Nazarenus eta haren ondorengoetarat baizik: "Deithua içanen da Nazarendarra". Jakina, nekez ilkhi ahal daiteke *Nazarendar bezalakorik Nazareth oin izanik. Ezin, hargatik, Haraneder epigonokara latzegi kritika, hagitzez lehenago Axular handia ere koxka berean behaztopaturik baitzen: Galathæ Latinezkoak Euskal sena liluraturik, begi aitzinxean zuen Galacia izenari ohartu ez eta Galaziar behar zuena *Galatar eman zuen.

O stulti & tardi corde ad credendum. Hala Iondone Pauloc ere mehatchatu cituen Galaciaco iendeac, erraiten cerauela. O, insensati Galathæ quis vos fascinauit, non oboedire veritati? Ha Galatar centçu gabeac, norc erhotu, eta liluratu çaituzte, ezpaituçue orai, lehen beçala, eguia obeditcen, eta sinhesten? Hitz hauc desohorezcoac ciren Galatarrentçat (Guero: XX, 1 [276.])

Bizitze luzeko okherra, izan ere, Añibarro baithara iraganen baitzen Galatar hori (Ax. Hitz hauc desohorezcoac ciren Galatarrentçat – Añib. Berbok desonragarriak, garratz miñak zirian Galatarrentzat). Eta, Añibarrori etxeki nakion, grammatikagabekeria berbera jauki zuen hark Axularren Lucano Erdal usainekoegia Lukanotar bihurtzean: Ax. Lucanoec edireiten çutenean – Añib. Lukanotarrak idoroten ebenean.

Ez da zer mira, dena dela, haraitzinakoek halakorik egina, egungo Euskaldunek (laur mende eta erditan jorraturiko eta ongarriztaturiko alhorrean dihardutela, eta egungo lagungarri guztiak eskumenean dituztela) beharri-minik batere gabe Europear, Kanadiar eta Magrebiar bezalakoak jaulkitzen baitituzte. Horien azpian, nabaski, ez ditugu Europa, Canada eta Maghrib(e), Espainolezko europeo, canadiense eta magrebí baizik. Euskarari eskatzen duena emaiten baldin bagenerauka, Europar, Canadar eta Maghribetar genituzke (arrozkerietan hasirik -bt- bezalakoak Euskaraz erraiten hasi nahi ez badugu, behintzat) forma grammatikazko bakharrak. Eta zer derakuskute –bere fruktuetarik ezaguturen dituzue– gure akademiakideek? Bada, harro-harro “Bide batez, gomutarazi egiten du [Euskaltzaindiak] Europakoei euskaraz europar esan behar zaiela, eta ez *europear, *europatar edo *europeo, tamalez, oraindik inoiz ageri den bezala” diotenek berek –bide batez, orhoit erazi nahi nuke gomuta verbua, orhoit eta gogora erran-nahikideak ez bezala, guztiz bazterreko forma dela, honelakoetan baliatzeko markatuegia–, akademiakideok berok, bada, afganiar, azeriar, daniar, heleniar, irakiar, eta mozarabiar bitxi ezin aski prezatuzkoak eman derauzkigute.

Itsuak itsua gida badeza...

Herri-izenak: Belarus

2006-04-13

Euskaltzaindiak dixit:
Bielorrusia, Bielorrusiako Errepublika
bielorrusiar
bielorrusiera, errusiera

Mortuan oihuz dagoenaren mintzoak:

Herri-izena: Belarus (Беларусь).
Statu-izena: Belarusko Errepublika (Рэспубліка Беларусь).
Herritar-izena: Belarustar.
Hizkuntza offizialak: Belarusikoa, Russikoa.

Ohartzekoak:
Iraganari datxeka Bielorussia (Bjelorussia) izena: Белору́сская Сове́тская Социалисти́ческая Респу́блика zenari zeritzan horrela aro sovietikoan, eta haraitzinako Tzar imperialisten oiharzunik baizik ez dakharke egungo Belarustarren gogoetarat. Errussia guztien jauna zen Tzara: Errussia Handiaren, Errussia Ttipiaren, eta Errusia Xuriaren (horixe erran nahi baitu Bjelo-russia izenak, eta hortxe egundaino Deutsch Gorazko Weißrussland edo Grekozko Λευκορωσία). Iraganekoak iragan-eta, bai herri arteko izen offizialak, bai Belarustarren beren nahiak, Euskaldunok ere Belarus erabiltzea eskatzen deraukute. Bertzela, bethi bezala, xokheluxka honetan geure baithan bildurik, bigarren eskuko izenak erabiliko ditugu bethi (eta zein eskuetarikoak, gero!), munduari gibela emanik (cf. Beijing, Myanmar,...).

Herri-izenak: Azerbaijan

2006-04-13

Euskaltzaindiak dixit:

Azerbaijan, Azerbaijandar Errepublika
azerbaijandar
azerbaijanera

Mortuan oihuz dagoenaren mintzoak:

Herri-izena: Azerbaijan.
Statu-izena: Azerbaijango Errepublika (Azərbaycan Respublikası).
Ethnonymoa: Azeri. Hamar Azerbaijandarretarik bederatzi dira Azerien ethniakoak; Azeri gehienak, hargatik, Iranen dira bizi (16-23 milion Azeri Irandarrik, Azerbaijango 8 miliontsuen aldean).
Herritar-izena: Azerbaijandar.
Hizkuntza offiziala: Azerbaijaniko / Azeri (autoglossonymoa: Azərbaycan dili).

Herri-izenak: Arabiako Emir Herri Bathuak

2006-04-13

Euskaltzaindiak dixit:

Arabiar Emirerri Batuak
emirerribatuar

Mortuan oihuz dagoenaren mintzoak:

Herri- eta statu-izena: Arabiako Emir Herri Bathuak / Arabiako Emirerri Bathuak (الإمارات العربيّة المتّحد al-´Imārātu-l-‘arabiyyatu-l-muttah.ida)
Herritar-izena: Emir Herritar / Emirerritar.
Hizkuntza offiziala: Arabikoa.

Ohartzekoak:
1. Astoak astara bethi. Oro har, gizakumeei dagote -tar suffixua; zerak, aldiz, nonbaiteko ditugu: Jerusalemetar emaztekiak / Jerusalemeko urrhe-zilharrak, Jerusalemeko Batzarrea, Jerusalemeko Harresia,...
2. Zentzunari noizik behin eragitea ere ez legoke gaizki. Amphibologiarik ez denaz geroztik, ez othe da aski Emir Herritar / Emirerritar? Noren mihiak jasanen duke emirerribatuar erraiterik? Hanbat Emir Herri othe dira mundu honetakoak?
3. Emir Herri / Emirerri horri dagokanaz bezanbatean... Banago Emir Herri gardenaren aldeko arrazoinak Emirerri "erraxago" omen denaren aldekoei gailentzen zaitzala. Analogia dugu lehenbizirik, eta Euskal Herria izan behar genduke bethiere gogoan. Gardentasuna bera, gero: errege-herri, duke-herri, printze-herri,... (bertzerik da jaurerri, jaur- bera elkharganatze-forma berezia baita). Orthographiarat beha ere, syllabakatze bana eskatzen dute formok: e.mir.he.rri / e.mi.re.rri, eta argixko dago zein den egokiena.

Nori berea. Herri-izenak: Afghanistan.

2006-04-13

Izanerako bideak izena baitu haspuru.
Nehoren meneko kultura-kolonia ez datekeen hizkuntza-kommunitatea amets.

Euskaltzaindiaren erabakiak: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. Euskaltzaindiak, Bilbon, 1995eko uztailaren 28an onarturiko testuaren ordez, beste berri hau onartua du Bilbon, 1999ko maiatzaren 28an eta Donostian, 1999ko uztailaren 23an.

Euskaltzaindiak dixit:
Afganistan, Afganistango Estatu Islamiarra
afganistandar / afganiar
paxtuera, persiera

Mortuan oihuz dagoenaren mintzoak:

Herri-izena: Afghanistan / Afghan Herria (افغانستان).
Statu-izena: Afghanistango Errepublika Islamikoa (Paxtuz د افغانستان اسلامي دولت Da Afghanistan Islami Dawlat, Persikoz دولت اسلامی افغانستان Dawlate Islamiye Afghanistan).
Ethnonymoa: Afghan.
Herritar-izena: Afghanistandar / Afghan Herritar.
Hizkuntza offizialak: Paxtua, Persikoa (Dari Persikoa).

Ohartzekoak:
1. *Afgania izeneko herririk izatea eskatzen luke *afganiar herritar-izenak. Izan ere, guztiz Europako herri-izengintza klassikoaren araurakoa lizateke Afghania, Afghan ethnonymoaren gainean eraikirik (cf., halakoxe hamekaren artean, Thrakia, Iberia, Germania, Romania... eta Vasconia bera). Alabaina, *Afgania Euskaltzaindiak emaniko formen artekoa ez denaz geroz, ohiko mamua dugu horko afganiar hori.

2. Orobatsu –baina hagitzez irainezkoago eta gaitzetsi-beharragoa– *Islamiar Euskaldunok onhar ezin dezakeguna. Islamarentarrik suharrenek ere ez dukete, nik uste, Islamia herriren ametsik egiten. Berriz ere, ez-dakit-zein komplexuk norbaiten buruan sor eraziriko mustroa, Islamiko forma grammatikazko, adi-errax eta guztiz herri artekoa saihestekoa. Edo, bertzela bada, zergatik ez Errepublika demokratiarrik (eta ohart, honek hel-oin sendoagorik lukeela, demokratiarik, izenez bederen, badelakotz).

2006-04-12

«Obedeça à gramática quem nâo sabe pensar o que sente. Sirva-se dela quem sabe mandar nas suas expressôes» (Bernardo Soares [F. Pessoa], O livro do desassossego)

:: Hurrengo orrialdea >>

Eta baldin hala ez pada, euscaldunec berèc dute falta eta ez euscarac

| Hurrengoak >

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

Teddy Loinaz

Ainintz

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Estekak

    Artxiboak

    Blog hau sindikatu XML

    Zer da hau?

    Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
    Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

    free 
website stats program

    powered by
    b2evolution