2007-01-16
Ituren eta Zubietako inauterietako pertsonaiak. Galtza urdin, galtzerdi zuri eta albarkak. Ator zuri, azpiko gona zuri eta ardi larruz osatzen da zanpantzarraren janzkera. Ardi larrua herri bakoitzaren arabera da, batzuek gerrialdean bakarrik daramate, eta besteek berriz, sorbaldak, bizkarra eta gerriak estaltzen dute larru azalekin. Iturengoek painelu gorriak daramatzate soinean. Zubietakoek, ordea, zapi urdina. Buruan TTunturra daramate, Arrano lumak puntan eta koloredun zintekin apainduta dutelarik. Eskuan izopoa (Zaldi buztanez eginiko makiltxoa) dute espiritu zitalak alde eginarazteko. Zintzarriek "joare" dute izena ; horregatik dira Joaldunak tresna horiek astintzen dituztenak. Badago beste era bat ere talde hauek izendatzeko: Zanpantzarrak.
Urtarrileko azken asteko edo otsaileko lehenengo asteko astelehen eta asteartean ospatzen dituzte Inauteriak, bi herrietako mutilak ados jarrita, aukeratzen duten egunean. Zintzarria da Inauteri hauetako elementu nagusia. Mutilok, gerria astinduz, izugarrizko hotsa ateratzen diete zintzarrioi. Binaka joaten dira, ilara banatan, Joaldunak.
Astelehen eguerdian Zubietako Joaldunak joaten dira Itureneraino, hogei, hogeita hamar edo gehiago ere, beren dantzarekin zintzarrotsa sortzen. Asteartean Iturengoak joaten dira Zubietara. Bide erdian egoten zaizkie zain Zubietakoak, eta, honela, elkarrekin egiten dute hortik aurrerako bidea. Bide hau egiten ere, etengabe entzuten da zintzarrotsa. Bidean, beste lagun batzuk elkartzen zaizkie: karroxak, mozorrorik sinesgaitzenak, sorginak, ijitoak... Ordu biak bueltan heltzen dira Joaldunak Zubietara eta hango kaleak eta enparantza korritzen dituzte, beren dantzan kontzentraturik, serio-serio.
Etnologoen iritzietan joare, zintzarri eta abarren soinuez lurra esnarazi nahi zutela neguko loaren ondoren.
Erantzunak:
Erantzun:

