2009-01-04

Permalink 14:55:31, Atalak: Abertzaleak  

Elkarrizketa Arnaldo Otegiri

Hona hemen gaurko Berrian Arnaldo Otegiri egindako elkarrizketa.

Datorrren astean daukan epaiketaren aurrean, eutsi, Arnaldo!

AURRERA BOLIE!

Muñagorri Eztabaida Taldea

----------

2008-12-19

Permalink 02:37:49, Atalak: Abertzaleak  

Piper potoa Batzar Nagusietan

Txakur arren gisa, espainolen nazionalismo ziztrinak bere markak han hemenka paratzen dabil. Baina txiza edo mokordo bat utzi ondoren, piperpoto bat jarri ohi du.

Orain Bizkaiko Batzar Nagusien txanda da. Argi gera bedi guk ez dugula sobera sinesten Eskubide Historikoak direlakoetan, berez gauza lauso xamarra baitira, baina kontu horrekin ez gara luzatuko eta beste baterako utziko dugu.

Hala eta guztiz ere, oraingo honetan hozkada bat sentitu dugu barrenetan. Ados, batzar Nagusiak iraganeko gauza dira, hakalo erakunde zaharkitu bat, baina horrexegatik, zaharrak direlako, Espainiar Estatua bera baino askoz lehenagokoak direlako, irain doblatua da hau. Hurrengoa piperpotoa Gernikako Juntetxean bertan paratzea izango da. Eta euskaltzainak ere piperpotoaren itzalean ("en lugar preferente") bilduko direneko eguna ez dugu urrunegi sumatzen.

Bandera kontuak nahiko absurdoak direla? Ba, bai, baina espainolak ez daude prest absurdo horri uko egiteko (ezta absurdoak sinbolizatzen duenari, batez ere). Ez ahaztu hori.

AURRERA BOLIE!

Muñagorri Eztabaida Taldea

----------

2008-11-28

Permalink 18:06:39, Atalak: Abertzaleak  

AUZITEGI GORENAK PREBARIKATZEN DU

Espainiako Auzitegi Gorena gaur emandako epaiaz prebarikatzen ari da: nahita, beste delitu ekologiko bat sustatzen du, hain zuzen.

Piperpotoa Euskal Herrian landatzeak sobera kutsatuta dagoen gure haizea are eta gehiago kutsatzen du, irain bat euskaldun gehienentzat, bereziki espetxeraturik daudenentzat.

Hori bai, piperpotoa Gipuzko, Araba eta Bizkaiak osatzen duten erkidego inpostatuaren parlamentuan landatzeak ez gaitu sobera sumintzen: izan ere, hura erakunde espainola da. Gezurra diote euskaldunen legebiltzarra dela diotenek, eta zinismoa ukitzen dute gure borondate subiranoaren adierazpentzat hartzen dutenean.

Piperpotoa ikusteak berak Euskal Herrian ikusi behar horrek sumintzen gaitu, ez bestek.

Gauza bat ezin zaie ukatu espainolei: gu gaino askoz koherenteagoak dira, izan. Honakoan parekideen arteko elkarbizitza, transbertsalismo eta tankera horretako tontakeria ustelak haizatu gabe. Halatan, piperpotoa jartzearen "edukia, hedadura eta esanahia" oso modu pedagogikoan azaldu digu Auzitegi Gorenak:

"Espainiako banderak nazioa sinbolizatzen du, burujabetasun, independentziaren nahiz Espainiaren independentzia eta batasunaren ikurra baita, eta Konstituzioan adierazitako balio goren guztiak ordezkatzen ditu". Konstituzioko balio goren guztiak: Espainiaren batasun hautsiezina, Francok sorturiko monarkia, gaztelaniaren nagusigoa hizkuntza autonomikoen gainetik, etab., alegia. Bide batez, euskaldunoi faltatzen zaigun guztia: berezko aberri bat, burujabetasuna eta Konstituzio bat.

Gero euskal tontoek zera esango digute, XXI. mendean dagoeneko ez dagoela "aberririk", banderak-eta XIX. mendeko kontua direla, nortasuna norberarena dela, etab. Ados, baina zergatik ez die hori guzti hori Auzitegi Goreneko jaun-andre txit gorenei?

Agian egun batez ikurriñekin sukalde-tratuak egingo ditugu, Sarriren olerkian bezala, baina oraingoz hori ez da posible, eta monarkia bourbounikoaren zein frankismoaren bandera (espainol dexenteri ere alergia eragiten die, bide batez esanda) bistatik galdu arte geureari atxikiko diogu.

Hala ere, beti bezala ez da hemen ezer gertatuko: herri gizajo honen herritar odolgalduak Konstituzioko zubiaren zain daude mini-oporrak hartzeko eta gero eta exkaxagoak diren xoxak xahutzeko.

----------

2008-11-24

Permalink 03:11:37, Atalak: Abertzaleak  

Y BERRI BATEN ALDE

Azken egunotan albiste mingarriak ikusi ditugu: Cauterets aldeko atxiloketak, gure herriaren izenaren –beraz, izanaren- ukazio bortitza, hiri erromatar baten hondakinen artean aurkitutako ez-dakigu-zein-buztin-puxka zahar batzuk direla-medio Arabararen euskaldungoa hamaikagarren aldiz zalantzatan jartzen duela egunkari neofrankista batek...  Lehendabizikoari lotuko gatzaizkio.

Irudi horiek orain duela hilabete batzuk Bordele hirian gertatutakoak ekartzen dizkigute gogora. Eta bietan betiko eszena zitala errepikatu da: alde batetik, gure gazteria ausartenen eta konprometituenaren indarrak alferrik xahututa  dagoeneko galduta dagoen gerra batean; bestetik, GALen birusak kutsatutako Rubalcaba jaun zitala ahoko zimurduretatik lerdea dariola, ea zein mozkin aterako dion euskarazko Yren azken porrotari.

Berrehun urteetan baino gutxiagotan euskal herriak –letra txikiz, jendeaz ari baikara, ez lurraldeaz- porrot bortitzak nozitu ditu: karlistadak, 1914-1918. urteen bitartean Iparraldeko gazteria odolustuta Frantziaren grandeur handiosaren alde, gerra zibila... Baina indar nahikorik ba ote dugu beste bat nozitzeko? Are gehiago sumatzen dugula azken porrot horrek ez duela izango ezer loriosik: aitzitik, euskal herriak ez du merezi ikustea azken 50 urteetan haren askatasunaren alde hainbesteko suharrez aritu den erakundea –askotan oker eginez, baina beti ere eskuzabaltasunez eta konpromezu ikaragarriz- hala akabatzea, Baader-Meinhof bandaren edota Italiako Brigada Gorrien gisa. Are gehiago Rubalcabak eta rubalcabatarrek horixe besterik desiratzen ez dutela, ongitxo baitakite porrot zital horrek berekin eramango duela abertzaletasun eta independentismo oro luzerako. Eta seguru aski, betirako. Beharbada, erabateko porrot hori lortuta espainiarrek halako independentismo irendu bati erakundeetan  parte hartzea utziko diote, gauza erabat inoperatiboa izango delakoan, noski.

Juan Carlos errege fratizida eta aitarekiko etoiaren peko Espainia –lehengo batean ze gauza mingarria gure lurra berriz ere zikintzen ikusi behar izana!- Francoren Espainiaren oinordeko eta maiorazko zuzen-zuzena da, hori jakin badakigu, baina ez gaitezen inozo izan: 60ko hamarkadan zeuden baldintzak, borroka armatua justifikatu ahal zutenak, ez daude gaur egun: Espainia horrek gutxienezko onespena lortu du nazioarteko mailan, kontrola ikaragarria da, txakurrek euskaraz ere zaunka egiten badakite –honako hau irakurtzen dutenei mihia ateratzen diegu hemendik-, pelaje guztietako hedabideek oso ongi dakite giza-eskubideen gaineko diskurtso zuri bati atarramentua ateratzen euskarazko Yren bortizkeria mundu osoko demokrata zintzoek gaitzets dezaten, etab., etab.

Argi gera bedi gure errespetu osoa zor diegula printzipio etikoak bortizkeria oro –euskarazko Yrena barne- errefusatzen dutenei, baina mesprezurik handiena baino ez dugula gordetzen bortizkeria hori berori euskal abertzaletasunaren kontrako arma huts gisa erabiltzen dutenentzat.

Gu ez gara etika maisu ez ikasle, ordea, politikoak eta euskal independentistak baizik.  Eta esan nahi duguna hau da: borroka armatua lehenbailehen gelditu behar dela. Arren, ez emateko bazka gehiagorik hildakoen odolak bost axola dielarik borroka hori euskal herria suntsitzeko erabiltzen dutenei, eta are gutxiago borroka hori gaitzestetik goxo-goxo bizi direnei; arren, gure gazte onenen indarrak ez xahutzeko horrela. Sumina sentitzen dugu bizitza ezagutzeko aukerarik apenas izan ez duten neska eta gazte horiek guardia zibilen esku ikustean, torturarekin gozatzen duten basapizti horien erabat mende. 

Eta ez dugu esaten gure Yk desagertu behar duenik, ezta gutxiago ere. Espainia muinetaraino ustelduta dago, ez du luzaz iraungo, baina badu indar adina beraren jokoan sartzen den oro usteldu ahal izateko. Agian komenigarria izango da erakunderen batean presentzia edukitzea, baina argi eta garbi eduki behar dugu espainiar erakundeetatik –erakundeok estatu mailakoak izan edo autonomikoak izan- ez dugula inoiz iritsiko desiratzen dugun Euskal Errepublika hura. Agian uste baino eskurako daukagun Euskal Errepublika hori, hain zuzen.

Euskarazko Yk borroka armatuari utzi behar dio lehenbailehen, berriro diogu, baina ez luke ez inolako su-etenik aldarrikatu behar, ezta disolbatu ere. Erakunde independentista eta klandestino gisa ezinbesteko papera jokatu behar luke: Espainia nahiz Frantziari jakinaraztea ezetz, ez dugula inoiz onartuko beraien menpeko legeltasun ustel inposatua. Eta gaur egun badira hamaika bide euskal herriaren alde borrokatzeko, ausardiaz, irmo, denon eskubideak errespetatuz baina geureari tinko eutsiz.

Lehoi gisa jokatu ezin badugu, azeri joka dezagun. Ez diegu tirorik ez lehergailurik eskainiko, Espainiako gobernariei euren jostailu kuttunena kenduko diegu, alegia, baina ez dugu amore emango. Baina esango diegu ez dugula inoiz amore emango, desleialak izango garela beti. Agian noizbehinka itxurak egin behar izango ditugu, baina horrek ez digu kalterik egingo baldin eta barnean gauzak argi edukitzen baditugu. Egin dezagun, besterik egin ezin badugu, gutako aitonak bezala: anaia preso, hiltzera kondenatuta, eta bera soldaduskan zegoela, piperpotoari zin egin behar izan zion. Zapatan txintxarri bat sartu zuen mina sentitzeko trapu hari muin eman bitartean. Egin dezagun, baita ere, lizartzarrek bezala: euren alkatesa neofrankista bidegabeak “mehatxuak” bazka mediatikotzat behar zituela ikusi zutenean bizkarra erakustea erabaki zuten. Odola nahi duenari mesprezua eman, alegia.

Ezin badugu geure kaleetan nahi duguna aldarrikatu, aldarria mendian egin dezagun, gure gurasoek eta aiton-amonek Aberria Eguna ospatzen zuten bezala (gainera, txakurrei izerdiak botatzera behartuko ditugu), aurrera bolie esatea delitu bihurtzen badute, gure mezu oro esaldi horrekin sinatu ditzagun, manifestazioa debekatzen badigute kazerolada bat egin dezagun (beltzek pilotak botako dituzte ehun, berrehun balkoiren kontra?)... Aritxulegi lepoan egin zen ekitaldi hartan, etakide bat etakide gisa argi eta garbi, lotsarik gabe azaltzeak txakurrak gehiago amorrarazi zituen hamaika autobonbak baino, ez ahaztu hori.

Hortaz, hona hemen gure proposamena:

-Borroka armatuari lehenbailehen utzi behar zaio, baita egitura militar oro bertan behera utzi ere.

-Hala ere, ez da inolako su-etenik ez bestelako adierazpenik egin behar. Egoera berria isilean jakinaraziko zaie indar abertzale guztiei, baina publikoki ukatuko da.

-Gudari presoen babesa herritarren esku geratzen dela, argi eta garbi esan behar da ez dagoela ezer negoziatzerik espainiar nahiz frantziar estatuekin.

-Erakundeak askotariko ekintza sinbolikoak egin behar ditu, beti ere bortizkeria eta mehatxu kutsu oro saihestuz, baina ETENGABE, ikusezintasuna izurria balitz bezala saihestuta.

-Talde independentista batzuek udaletan zein aldundietan presentzia eduki ahal izan arren, independentismoak uko egin behar dio Espainiako gaur egungo politikagintzan parte hartzeari. Argi eta garbi ulertu behar dugu indarra gizartean eduki behar dugula, ez herritarrengandik gero eta urrutiago dabiltzan erakunde ofizialetan.

AURRERA BOLIE!

Abertzale talde bat

2008ko azaroaren 20a

----------
Permalink 03:05:52, Atalak: Abertzaleak  

Mugimendu subiranista bat sortze aldera

Oso interesgarria gaurko Gara-n Tasio Erkiziak argitaratu duen artikulua (gaztelaniaz):

Crear un movimiento soberanista

----------

:: Hurrengo orrialdea >>

Abertzaleak blog

Abertzaleak eztabaida-talde bat gara, gaurko egoera zitalari astinalditxo bat eman nahi dioguna. Ez gara ezein alderditako partaide -aldrebes, gaurko alderdikeria gauza penagarria da guretzat-, ez gara inoren soldatapekoak eta ez diegu inoren asmoei zerbitzatzen. A, eta gara hemen inor probokatzeko: ulertzeko belarriak dituenak uler dezala. Herritar gisa, sinesten duguna aldarrikatzeko eskubidea daukagulakoan gaude, nahiz eta sinesten ditugun gauzak bat baino gehiago molestatu. Hortaz, hemengoa gustatzen ez bazaizu, ez gehiago irakurri, edo gogoak ematen dizuna egin.

Sortzailearen profila

Nire profila eta kontaktua

Abertzaleak

Kontaktu formularioa

Zure irudia gravatar.com-en jarri

Bilaketa

Estekak

    Atalak

    Blog hau sindikatu

    Zer da hau?

    Elurnet Informatika Zebitzuek eskaintzen duten zerbitzua
    Ikastaroak, garapena, zerbitzu informatikoak, blogak

    free 
website stats program

    powered by
    b2evolution