Gutxitan garbitzen dut komuna
eta hortzak garbitzen ditudan bakanetan,
ispilua koadro bilakatzen dut
hagin ahulen odol markak utziz nonahi.
Pixa barrura egitea lan nekeza da
eta baldosa ilunek hori arrastoak disimulatzen badituzte ere
ez dago usaina disimulatuko duten scott britterik
Bizar aparrak beti ateratzen dit mingaina irainez
eta preso dauzkate kutxilek nire masaileko haragi puskak.
Barrabiletako ilez populatua dago nire bainera
eta beso azpikoz
ipurtzulokoz.
Gutxitan garbitzen dudalako
naiz ni nire komuna


Otsaileko gau hotzetan bilutsik sentitzen naiz, hutsik, defentsarik gabe. Azenario bat AEBen tanke baten aurrean bezain defentsarik gabea, errukarri. Eta zuen etxeetako epela inbidiaz irudikatzen dut: estufa ondoko goxoa, baratzuri zoparen beroa eztarrian behera, etxeko zapatila jantzi berrien satisfazioa. Zuek ez dakizue ondo zein diren luuuze eta hotz otsaileko gauak. Egizue aproba bestela, jantzi nik daukadan bezalako alkandora bat, hartu lastozko kapela bat, hautsia, lortu jeans estu eta zarratatu batzuk eta atera, atera zaitezte zuen etxeko balkoira eta egon zaitezte ordu erdi batez, ordu erdi bakar batez soilik, geldirik, besoak T baten modura zabalduta. Koldarrok! Nola nagoela uste duzue ni!
Atera zaitezte bai eta egon otsaileko gauek ateratzen duten hotsei adi. Otsaila otsoen hila delako eta noski, otsoak ibiltzen direlako nire oinetan miazka eta usmaka gaua luzeeeago eginez. Aitortu behar dut horrelakoetan sentitzen dudala urduriak eta beldurrak eragindako bero pixka bat. Izan ere, ni txoriak uxatzeko jarri ninduzuen, ez? Zer egin dezaket nik otsoen aurka?

Gaur igandea da, otsailaren 4ko igandea, Santa Ageda bezpera hain justu. Gaur ere ibili dira soinu eta bertsoak lagundurik hainbat lagun baserriz baserri eta nire inguru-aldamenetik ere pasa dira. Asko erreparatu ez badute ere nigan. Eskerrak egia esan, ze niretan fijatzen direnak, niregatik babukeriak edo lerdekoriak esateko izaten baita: ikusten al dek txorimalo hori, horrek ez dik euli bat ere uxatuko! Edo hori ez dek txorimaloa hori txorifeoa dek! Kar. Kar. Kar.
Halere, gaur, inoiz ez bezala, 14-15 urteko mutil bat gerturatu zait. Irakasleak idazlan bat egiteko eskatu diela esanaz: Txorimalo baten gogoetak igande arratsalde batean. Eta niri galdetu dit ea ze ostia esango nukeen nik igande arratsalde batean. Eta nik kontatu diot otsaileko gauak luuuzeak eta hotzak direla, eta otsoen beldur izaten naizela, inbidia diodala etxeko beroari, gaur Santa Eskean pasa direla batzuk bixi-bixi eginda... Hurrengo igandean ere etorriko dela esan dit. Bisitan.
Jendeak basura ateratzen du
de ocho a doce
jendeak txakurra paseatzen du gero
edo lagun bat
edo bere burua.
Jendea etxera joaten da gero
eta ikusten du Goenkale
Jendeak power sakatzen du telebista eta eguna itzaltzeko
Ohera joaten da jendea azkenik.
Ni ere baiBada denbora Oiartzungo Goiko Eskolara joan ginela. Antzerki bat zen ikusgai besteak beste: “Errare humanun est”. Tituluak erakarrita joan ginen, baina ez horrek bakarrik. Entzun nuelako (ez dakit egia den gezurra den baina) obra hori antzeztu zuen antzezlea mediku izana zela bere lanak utzi eta antzerkian hasi zen arte buru belarri. Inbidia ematen didate horrelakoek. Alegia, bizitza lotu samar dutenek (ekonomikoki, edo sentimentalki...) eta bizitza berri bila abiatzen direnek dena utzita. Nik ere askotan pentsatzen dudalako hori diet inbidia eta pausu hori eman gabe koldar sentitzen naizelako akaso...

Kontua da antzerkia ikustera joan ginela eta antzerkitik ez genuela ia ezer topatu. Bakarrizketa luuuze bat zen dena. Tarteka barre algaraka jartzen gintuen bakarrizketa. Telebistako kontalariak eta umorea ekarri zizkidan gogora niri, nahiz eta gizarte kritika zorrotza egiten zuen. Hara hor nire pena, antzerkitik gehiago ez izana. Halere, ordubete bat barrez ondo pasatzeko proposamen polita dela uste dut.
Jack Kerouacen On the road nobelaren azkenetan Dean liburuko protagonistetako batek Marcel Proust irakurtzen ari dela dio, estasiaturik. “Ikaragarria duk kaka hau” eta horrelakoak esanez. Etxean begiratu nuen Marcel Prousten zerbait banuen: Por el camino de Swann o en busca del tiempo perdido topatu nuen eta hasi nintzen irakurtzen. Udatik ez dut ia beste libururik irakurri. Eta hori ez dudala liburuaren heren bat baino leitu, hiru zatitan baitago banatua liburua eta nik lehen zatia baino ez dut ferekatu. Mardula da testua, esaldi luze eta korapilatsuak, irakurketa bakarrean ezin ulertuzkoa. Hitz ezezagun ugari eta RAEko hiztegiak goi behe usmatu behar testua ulertuko banuen. Gertaera gutxi edo batere ez. Dena du deskribagai, dena du kontagai baina astiro.

Gutxinaka irakurri dut liburua eta ez dut uste onena modu hori denik. Kontzentrazio handia eskatzen du liburu hau irakurtzeak eta burugorputz saltseroak ditugunok agian nahiago ditugu irakurketa arinagoko liburuak. Ez dut baina gogoz kontra irakurri. Jartzen nintzenean ahalegin handia eskatzen zidan irakurketak baina errealitatea ikusteko eta aztertzeko modua aberastu eta edertzen zuela iruditzen zitzaidan. Eta begiratu bai baina ikusten ez ditudan milaka gauza daudela oharrarazten ere balio izan dit. Ba, bai, “ikaragarra da kaka hau”. Baina orain beste liburu bat hartuko dut parentesi modura eta Prousten bigarren atalarekin jarraituko dut gerora, urte berri hasierarekin batera-edo
Katu bat, katu beltz bat
gau beltz bateko goizeko ordu bietan.
Bele kaleko basura kontainerrean jan bila.
Yogur de fresa ez zaio gustatu,
baina ai! Nola zurrupatzen zuen,
nola milizkatzen
Pascual izeneko tetra brik batetatik eroritako esne hura!
Kontainer barrura sartu haiz gero.
Hi bezalako beste bi katu zeuden han. Beltzak.
Jan bila, nola ez!
Ez haute gogo onez hartu.
Jan beharra daukak baina!
Jan eta edan. Bizi!
Miazkatu hemen, zulatu han, kosk egin hor.
Zakar poltsa baten gainean orain,
beste katu are eta gosetuago baten alboan gero,
borrokan laster.
Iep!
Hire bi “lagunek” kontainerretik alde egin diate!
Arduratuta irten haiz nahaspilatik.
Kanpora jauzi egitear hengoen kontainerreko tapa itxi denean.
Auskalo nola!
Jarri zaik borborka odola!
Atea ireki nahi edonola.
Baina kaka! Ezin.
Hara! Ireki duk zertxobait orain...
...poxpolu bat sutan erortzen eta berriz atea nola ixten den ikusteko.
Eta kea, kea atzeman duk segituan.
Hasi haiz batera eta bestera urduri mugitzen.
Kolpe bat hemen, kolpe bat han: segundoko bat.
17.nean okertu zaik lepoa.
Sudurtxoa zanpatuta, hortzak okertuta, begi gorritu bi atera beharrean, odoletan blai erori haiz eta etzan su hartzear zeuden hondakinetan.
Ez hau suak akabatu behintzat.


Azken erantzunak
La terre est bleue comme une orange
| Ast | Ast | Ast | Ost | Ost | Lar | Iga |
|---|---|---|---|---|---|---|
| << < | > >> | |||||
| 1 | 2 | |||||
| 3 | 4 | 5 | 6 | 7 | 8 | 9 |
| 10 | 11 | 12 | 13 | 14 | 15 | 16 |
| 17 | 18 | 19 | 20 | 21 | 22 | 23 |
| 24 | 25 | 26 | 27 | 28 | 29 | 30 |
| 31 | ||||||